XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bai dela harrigarria gure Aitona!

Ez du beste haurren aitonen antzik.

Garai-garaia da eta eskuan makilaren ordez kanabera batekin ibiltzen da, bizkarra ezertarako makurtu gabe.

Irlako jende guztiak JAKINTSUA deitzen dio.

Homero osoa buruz daki.

Inoiz ez dizkigu printze eta dragoien istorioak kontatzen, bai ordea antzinako jainkoen mitoak eta heroien elezaharrak.

Batzuetan, Aitona antzinako greziar bat dela sinesten dut, baina ez naiz inori esatera ausartzen, ezta Mirtori ere, txorakeriak erantzungo dit eta.

- Beraz, zer egin behar duzue orain? -galdetu zigun Aitonak, intxaurrak amaitzean.

Guk ez genuen erantzun, zeren berarekin loteriara jolastu nahi genuela esanez gero, erantzungo bait zigun: Hobe ipuin bat kontatzen badizuet. Loteriara Estamatinarekin jolas dezakezue.

... Ikaro, bere aita Dedalok egindako hegoekin, txori baten gisa hasi zen hegaz.

Baina hain gora hegaldatu zenez -eguzkiraino ia-, urtu egin zitzaion bere hegoak itsasten zituen argizaria.

Eta itsasora jausita, ito egin zen.

Horregatik deitzen da Ikariarra bera jausi zen itsasoa....

Gure irla Ikaria Itsasoan dago.

Zein txikia dirudien mapa mundian!

Puntu txiki bat bezala.

Gertu, heste irlak daude; ondoren Grezia guztia eta gainerako herri handiak.

Zein ederra litzatekeen bizkarrera bi hego itsatsita edukitzea eta hegaz egitea!

Adibidez, igande aspergarri batean esango genuke: Hegoak jantzi eta joango al naiz hegaz, une batez, Japoniaraino, edo Txinara, edo Afrikara, haur japoniar, txinar eta afrikarrak igandeetan gu adina aspertzen diren ikustera?

Ea haiek ere dokean, sokan eta sakatan jolasten duten ikustera.